XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Olerkiari zegokionez, esan genezake ordurako bazuela euskal lirikak eredu imitagarri bat, Orixek beste guztien gainetik goretsi baitzuen Lizardiren hizkuntza poetikoa.

Ez da harritzekoa, beraz, Lizardik eta Orixek markatutako bidetik etortzea gerra ondoko lehen saioak.

Estu eta larri bada ere, bizi da euskal olerkia gerra osteko urte latz haietan.

Nahikoa zen halako baldintzetan irautea ere.

Sarasolak dionez Inguruko pesimismo eta giro ezin gaiztoago horren aurrean etsi ez zuen belaunaldia, euskal literaturako garrantzitsuenetik bat gertatzen da, momentu hartan beharrezkoen zuena eman baitzion hari segida.

BI ALDIZKARI

Segida hori, bi aldizkariren bidez gauzatu zen: Euzko Gogoa eta Egan Lehena atzerrian sortua eta berton bigarrena.

Erbesteratu beharrak barreiatu egin zituen euskal idazleak mundu osoan zehar eta Euzko Gogoak, berriz, bildu.

Guatemalako atzerrian zegoen Jokin Zaitegik sortu zuen.

Gerra aurreko zantzua datorkigu, ezinbestean, aldizkari honetan, idazleak ere lehengoak berak edo ingurukoak baitira: Orixe, Zaitegi, Arrese, Monzon, Jautarkoi...

Dena den, ezin uka Euzko Gogoan ideia eta asmo berriz zetozenentzat ere ateak zabalik egon zirenik. Aresti, Mirande eta J. San Martinen lehen pausoek, adibidez, aldizkari honetan izan zuten argitara bidea.

Atzerritik lan baliotsu hori egin zuenaz gain, bazen Euskal Herriko barrutian ere beste literatur aldizkari bat.

Traba guztiak gainditu ondoren, lehenengo bi hizkuntzatan eta 1954tik aurrera, euskara hutsean argitaratzen da Egan

Bi aldaketa nagusi datoz Eganekin:

Alde batetik, Euzko Gogoak, atzerrian sortua izanik, hain zaila zuen zabalkundea errazago lor zezakeen eta, gainera, Gipuzkoako Diputazioaren babesa zuenez, diru arazoak gainditurik zeuzkan.

Bestetik, Egan etorkizunari so dago eta gero eta hiritarrago den euskaldungoari erantzun nahirik.

Gerra garaitik asko aldatu dira gauzak eta egoera berrira egokitu nahi dute euskal kultura ere.

Lauaxetaren sasoian galtzaile atera zen postura nabarmentzen da, berriz ere beste herrietako literaturari arreta gehiago jartzen zaio.

Arrue, Irigarai, Mitxelena, San Martin eta L.M. Muxika izan dira oraindik bizirik dirauen aldizkari honen arima.

Euskal gizartearen bilakaerak gai eta molde berriak eskatzen zituen eta horixe bideratu zuen Eganek euskara eta Euskal Herriaren onerako.

BELAUNALDI BERRIAREN TXANDA

Sarasolaren hitzak berriz ere hartuz Gerraondoak dakarren industriatze prozesuaren hedadura nabariaren ondorioz, euskaldunak masiboki doaz giro nekazaritik hiritarrera iraganez: 1970 urterako, euskaldunen artean %35'5ak soilik dirau baserrian... Hiritartze prozesu honek, eta berarekin batera eman den irakaskuntzaren demokratizazioak, euskal literatura moderno batek behar zuen irakurlego hiritar eta kultura sortzen du.

Nahiz eta Francoren diktadura 1975 arte luzatu, askatasun itxura eman beharra zuen beste herrietako gobernuekin harremanak izatea beharrezkoa baitzuen iraun ahal izateko.

Beraz, 1960 ingurutik aurrera, eskuak zabaldu eta loturak laxatu beharrean aurkitu ziren agintariak.

Egoera berri honetan hasten dira berriz ere euskalgintzan, oztopoak asko baziren ere, belaunaldi berriko hainbat euskaltzale.